XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta geziak ikusi zituen, beregandik urrutiegi eta sakabanaturik.

Ezin eskuratu, motel, orain ezpata diagu arma bakarra.

Sekka gainera zetorkion beste behin, bertan josi eta akabatzeko asmoz.

Baina Shangai Tom, bere kemen eta adore guztia bilduz, ez zen lurrean pittin bat ere mugitu; piztia bere ondoan gelditu eta, txunditurik, usainkatu egin zion interes handirik gabe.

Ikusleak mutu zeuden, plazan gertatzen ari zena ezin sinetsirik.

Baina piztiak beste mokau baten bila burutzarra altxa eta Shangaik adar bati heldu zionean, oihuak, garrasiak eta aieneak entzun ziren berriro han-hemenka.

Sekka burua astintzen hasi zen, begien aurrean dantzaka ari zitzaion enbarazua askatu nahian.

Shangai berriz, adarrari eusteko burruka latzean, nola edo hala ezpata gerritik ateratzeko moldatu zen.

Orduan, bere azken-azkeneko indarrei dei eginez, altzairua eskutokiraino sartu zuen animaliaren begian.

Sekkak garrasi ikaragarria egin zuen, eta burua bortizki astindu, Shangai urrutira jaurtikitzea lortu zuen arte.

Baina ez zuen beste erasorik egin, ordurako piztiaren azken orduak joa bait zuen.

Izan ere, minak erotuta, bere etsaia ahaztu eta hormako haga zorroztuen aurka jo zuen, itsuturik, muturra odol jario bat eginda.